Los artículos que aparecen están relacionados con fotógrafos, publicaciones e historia de la fotografía.

viernes, 11 de junio de 2010

Hernani objektibotik zehar




XIX. mende erdialdetik aurrera eta XX. mende hasiera bitartean, Europako argazkilari asko gerturatu ziren Euskal Herrira. Bertako bazterretan jaso zituzten argazki eta irudi batzuk garaiko aldizkari ilustratuetan argitaratuak izan ziren; beste batzuk postal modura ikusi zuten argia urte batzuk beranduxeago; asko argazkilariekin batera bueltatu ziren haien jatorriko herrietara eta beste zenbait bildumazaleen eskuetara eta museoetara iritsi ziren. Erretratugile hauek Donostia, Pasaia, Hondarribia, Biarritz eta Hernani aldean ibili ziren besteren artean.

Parisko Neurdein anaiak, 1889ko Parisko Erakusketa Unibertsaleko argazkilari ofizialak, edota Leon & Lèvi argazkilariak izan ziren Hernaniko kaleak iruditan dotore jasotzen asmatu zutenetako batzuk. Udaletxea eta XIX. mendeko 70. hamarkada amaierakoa den San Joan Bataiatzailearen eliza dira nagusi erretratu horietan.

XIX. mendeko azken herenean Hernaniren izena imaginario kolektiboan gordea geratu zen. 1875eko irailaren 6an, gerra bete-betean eta eraso liberalari erantzuteko, karlistek fronteko lerroa bondardatu zuten; Donostia, Pasaia, Irun eta Hernani besteren artean. Hernanin, granada bat udaletxean erori eta erabat birrindu zuen eraikuntza, bolborategia bertan baitzegoen. Hermenegildo Otero argazkilari donostiarrak jaso zuen granada karlistak erabat txikitutako udaletxearen irudia. Gaur egun argazki horren jatorrizko bat Madrilgo Liburutegi Nazionalean dago gordea eta bonbardaketa gertatu eta hilabete batzuk beranduago, London News aldizkariak grabatu modura argitaratu zuen.

Lucien Roy, XIX. mende amaierako arkeologiaren elkarte frantseseko kide ezaguna, izan da bere kamerarekin Hernaniko irudiak jaso dituen argazkilarietako bat. Estatu frantsesari emandako bere 12.000 irudi baino gehiagoren artean daude Hernanin 1905. urtean jasotako bi.




XX. mendea iristearekin batera, Ricardo Martin argazkilari donostiarrak modu kategorikoan jaso zituen Hernaniko bizitza sozialaren eta bere bazterren tasunak. Urte batzuk beranduago bere seme Vicentek eman zuen horien berri. Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarra ikuspegi dokumentalago batetik aritu zen Hernaniko eta inguruko irudiak jasotzen; Adarra, Urdaburu eta Onddi mendietakoak tartean.



Joan den mendeko lehen hamarkadan Novedades aldizkariak Hernaniko jaien inguruko zenbait kontu jaso bazituen ere, Hernaniko Udalak lehenengoz argitaratu du orain ezaugarri hain bereziko liburua. Liburuaren autorea, Jon Urbe adopziozko hernaniarra, oso ezaguna da gure herrian fotokazetari modura. Eta poesiara hurbiltzen diren paisaien bere irudiak eta erretratuak ere ondo ezagunak dira. Liburu honekin Jonek Hernaniko jaien ikuspegi desberdina eskaintzen digu, beti hain hurbilekoa den bere objektibotik zehar jasotakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario