Los artículos que aparecen están relacionados con fotógrafos, publicaciones e historia de la fotografía.

sábado, 9 de enero de 2010

De Jongh, argazkilari-familia




De Jongh jatorriz Hagakoa (Holanda) zen eta 1793an Suitzara joan zen argazkilari-familia bat zen. Beren aitarekin batera Napoliko Erreinuko Erregimentu Suitzarrean zerbitzu eman ondoren, Manuel- Auguste (1792-1854), Edouard (1823-1886) eta Francis (1833-1912) Suitzara itzuli ziren 1861. urtean. Han, anaietako bi argazkilaritzan jardun ziren.

Francis Vevey-en jarri zen bizitzen 1865ean. 1870eko apirilaren 18an ondoren II Gerra Karlistaren aurreko argazki ospetsuenetako bat izango zena egin zuen; bertan, Alderdi Karlistako buruzagi garrantzitsuenak agertzen dira, Vevey-en egindako biltzarrean. Argazki horren ehunka kopia eta erreprodukzio egin ziren, eta postal-moduan editatu zen XX. mendearen hasieran. Argazkilari hori bera izan zen Karlos VII.aren idazkari zen Samitierreko kondearen argazkiak egin zituena.

1879tik aurrera, bere seme Edouard, Francis eta Auguste Neuilly-n (Estatu Frantziarra) jarri ziren lanean, De Jongh Frères izenarekin. Beren bezero ugarien artean Romanovtarrak zeuden, eta mundu osoan ezagunak egin ziren Tsar errusiarrari eta bere familiari egindako erretratuak.

Garai hartan, De Jongh anaiek Euskal Herria bisitatu zuten. Argazki ugari atera zituzten, eta horien artean Donostiako tabako-fabrika bateko langileei ateratakoa eta Gipuzkoako hiriburuaren zenbait paisaia-argazki nabarmentzen dira. Guztiak dira 1889ko azarokoak

Bestalde, Edouardek Marseillan ikasi zuen, eta 1868. urtean argazkilaritza-estudio bat ireki zuen Lausannen. Bere seme Francisek (1864-1928) Parisen ikasi zuen, Paul Nadarrekin batera. 1905. urtean marrazkia imitatzen duen argazkilaritza-metodo baten patentea erregistratu zuen. Korronte piktoralisten eraginpean, goma bikromatu eta tinta koipetsuekin egin zuen lan. Bere seme Gaston (1888-1973) argazkilaria izan zen baita ere, eta Lausannen geratu zen argazkilaritza Munichen ikasi ondoren. Arkitekturan, modan eta erretratuan espezializatu zen.

Egun, argazkilari-familia honen lanen zati handi bat, milaka negatiboz osatua, Lausanneko Museo de l´Elysée museoan dago ikusgai. Museo hori argazkilaritzari eskainia dago erabat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario